 |
 |
San Adriango galtzada
Galtzadaren historia
Hemen ikusten dugun bide hau, XII. mendetik XVII. mendera arte Gaztelako meseta eta Europa batzen zituen errege eta merkataritza bidea izan zen, bide garrantzitsua. Bidea Gaztelako mesetatik Gasteiz hiribildura zuzentzen zen eta S. Adriango galtzada honetatik zehar Gipuzkoan sartzen zen Segura, Ordizia eta Tolosatik barrena kostaldeko hiribilduetara edota Frantziara iristeko.
Mende hauetan zehar, bide honetatik, erregeak, printzeak, armadak, Santiagora zihoazen erromesak, merkatariak zein bidelapur eta iheslariak pasa ziren. Bide honetatik pasa ziren gehienak, oinez, zaldiz edo mandoz pasa ziren, izan ere bestelako ibilgailuentzat ez baitzen oso egokia.
Galtzada honetatik pertsonai famatu ugari pasa ziren. Hauen artean El Cartujano poeta (Sevillan jaioa, bere olerkietan koba aipatzen du), Felipe eta Juana (Gaztelako erregeak), Veneziako enbaxadorea, Garcilaso de la Vega poeta, Albako dukea, Aulnoy kondesa, Alemaniako enperadorea,… |
|
Galtzadaren arkitektura
Ibilaldian zehar bi galtzada mota ezberdin ikusiko ditugu. Galtzada honen jatorriaren inguruan bi teoria daude:
a) Jatorri erromatarrekoa dela esaten duena
b) Jatorria erdi-aroan kokatzen duena.
Bi teoria hauetan indar handiena hartu duena Erdi-Aroan kokatzen duena da. Alde batetik galtzadaren egitura dela-eta, eta bestetik beste arrazoi historioko-arkeologiko batzuengatik.
Hemen ikusten dugun galtzada hau, bi galtzadetan berriena da eta XVI eta XVIII. mende bitartean eraikitakoa dela uste da. Galtzada honen egitura nahiko sinplea da. Bi ertzak harlanduz eratutako harri errenkadaz eginak daude eta bi ertzen artean harri zatiak daude botata. Tarteka, bidean metaturiko ura kanporatzeko harrizko kanalak ditu eta harri zabalenetako batzuetan oraindik gurdien gurpilen arrastoak edo markak atzeman daitezke. |