Andueza baserria
Egun Zegamako turismo-bulegoa eta Egurraren interpretazio-zentroa lekutzen diren eraikin honek historia luzea du atzean. Antzinako dokumentuek adierazten dutenez, honoko eraikuntza hau XVII. mendearen hasieratik XVIII. mendera bitartean ospitale bat izan zen. Hala ere garai hartako ospitaleak ez ziren gaur egun bezalakoak, ez itxurari dagokionean, ezta funtzioari dagokionean ere.

XVII. mendean Andueza baserria bi zatitan zegoen banatuta. Zati bat Nikolas de Aranburu Zegamako parrokiko erretore jaunarena zen. 1606.urtean idatzitako testamentuan erretoreak Zegamako herriari utzi zion ospitalearen jabetza baldintza honekin: aurrerantzean baserri hau ospitale gisa erabiliko zen herriko umezurtz eta apaizgaiak jasotzeko. Ekimen hori aurrera eraman ahal izateko diru mordoxka ere utzi zuen erretoreak.
Ospitalea oso xumea zen, sukalde handi bat eta arto lastoz egindako koltxoi batzuez hornituriko logela batzuk besterik ez zeuden. Ospitale honetan zeudenei, ez zitzaien sekula platerkada bat zopa eta ogi zati bat falta izan.
XVIII. mendean ordea, ospitale-etxe eginkizun hura utzi eta errentan eman zuten Andueza. Ordutik baserri moduan erabili izan da orain dela gutxira arte.
Ospitaleak
Erdi aroan, gaixotasunak, norberak edo bere arbasoek egindako bekatuen ordainetan Jainkoak jarritako zigorrak zirela uste zuten. Beraz, Jainkoaren esku zegoen gaixotasunak sendatzea. Horregatik, ospitaleak ez ziren osasun-zentroak, pasadizokoentzat nahiz etxerik gabekoentzat ostatu arruntak baizik.
|