Andueza baserria · Zur museoa
Kontaktua Web mapa Irisgarritasuna Lotura interesgarria
Aurkezpena
Eraikina
Bitxikeriak
Egurra
Museo didaktikoa
Beste gune kulturalak
Bestelako ekintzak
Kontaktua
CastellanoCatalá
www.zegama.net aizkorribidean@aizkorri.net Bitxikeriak

Ba al zenekien

Ba al zenekien ilargialdia kontuan izan behar dela zuhaitzak mozterako garaian?
Ba al dakizu zuhaitz bakoitza noiz botatzea komeni den?

Euskal Herrian zuhaitz-mozketan ilargiak duen eraginari buruzko tradizioa oso errotua dago. Urteetan zehar, belaunaldiz belaunaldi, ahoz-aho transmititu da zein zuhaitz espezie, zein ilargialditan botatzea komeni den.

Adituen ustez, zurari eman behar zaion erabilerak agintzen du zuhaitza noiz bota behar den. Egurra segun eta zertarako erabili behar den ilargi aldi batean edo bestean bota behar omen da.

Ilargiak zuhaitzaren izerdiaren zirkulazioan du eragina. Ilgoran, izerdia zuhaitzean gorantz mugitzen da eta beraz, enborrean izerdi asko izango dugu. Ondorioz, egurra bustia, biguna eta malgua izango da. Ilbeheran berriz, izerdia sustraietara jaisten da eta ondorioz, egurra, gogorra, lehorra eta sendoa izaten da. Enborra zenbait eta hezeago egon, orduan eta arrisku handiagoa izango du egurraz elikatzen diren animalia eta onddoek erasotua izateko.

Beraz, egurra luze irauteko behar bada, eraikuntzarako esaterako, ilbeheran bota behar da. Egurra malgua izatea nahi bada berriz, ilgoran bota beharko da.

Ba al dakizu XX. mendearen hasieran Euskal Herriko basoak kinka larrian zeudela?

XIX. mendean egun baino 3 aldiz zuhaitz gutxiago zegoen Euskal Herrian. Gertaera horren lekuko arrazoi ugari ditugu:

XVIII. mendean artoak sekulako iraultza ekarri zuen. Iraultza horren ildotik, populazioak gorakada handia jasan zuen eta nekazaritza, ontzigintza eta burdin eskaria asko handitu ziren.

Abeltzaintzak ere XVIII. mendean aldaketa nabarmena jasan zuen. Ordura bitartean, txerriak eta behiak ziren Euskal Herriko abeltzaintzaren ikurra, XVIII. mendean ordea artzaintzak hartu zuen indarra. Ardiek bazka-larreak behar zituzten eta hauek lortzearren, baso asko soildu ziren.

Gertaera guzti hauek, Euskal Herriko basoak asko kaltetu zituen eta sinestea zaila bada ere, egun baino egoera okerragoan zeuden.

Ba al dakizu zuhaitz-fosilak badirela?

Paleontologia biziaren azterketa egiteaz arduratzen da. Biosferaren historia ikertzen duen zientzia da eta honetarako fosilak aztertzen dira.

Fosilak arroketan agertzen diren aspaldiko izakien aztarnak dira. Fosil gehienak, dagoeneko desagertu diren izakien hondarrak dira, horien artean zuhaitzen hondarrak.

Zuhaitz bat nola fosiltzen da? Lehenengo zuhaitza hil egingo da. Jarraian sedimentazio bidez, ura, lokatza, …, hildako zuhaitz hau estali egingo da. Honexegatik, zuhaitza ez da usteldu eta suntsituko. Material organiko hau mineralera eraldatuko da aldaketa kimiko eta fisikoen bidez. Zuhaitz denak ez dira fosiltzen, bakar batzuk baizik. Eraldaketa honetan izugarrizko garrantzia du momentuko klima, paisaia, bizimodu,…

Ba al dakizu gure Gaztainondoa jatorriz ez dela hemengoa?

Betidanik gaztainondoa bertako landaretzat jotzen da. Honen adierazgarri hainbat aztarna ere aurkitu dira. Adibidez, Euskal Herrian Debako Ekainen duela 10.000 urteko eta duela 40.000 urteko gaztainondoen sedimentuak aurkitu izan dira. Hala ere badirudi gaur egun bizirik dirauten gaztainondo gehienak kanpotik etorritakoak direla, ekialdeko Mediterraneo eta Asiako mendebaldetik.

Honela erromatarrek mediterraneoko lurraldeetan hedatu zuten gaztainondoaren fruitua, honen bidez ogia egin eta elikatzen zirelako eta baita ere zaldiei jangai emateko erabiltzen zutelako.

Eta gure baso zabalak betetzen dituen pagoa nondik dator? Gezurra badirudi ere pagoa biztanle berria dugu Iberiar penintsulan. Duela 5.000 bat urte iritsi zen Euskal Herrira Adriatikotik neolitikoko gizakiak egindako baso soilketa txikiei esker. Hala ere garai hartan pagoa beste zuhaitz batzuekin nahasian agertzen zen benetako basorik sortu gabe. Dirudienez, 2.000 urte gehiago behar izan zituen nagusitasuna hartu eta pagadiak garatzeko. Honenbestez, pagadien jatorria duela 3.000 urte eskas koka dezakegu.

Ba al zenekien egurra bezain gorputz gogorra duten onddoak daudela?

Onddoek duten elikatzeko eragatik, hiru taldetan banatzen ditugu. Saprofitoak (Hildako material organikoz elikatzen diren onddoak), Sinbiotikoak (elkarri laguntzen diote elikatzeko) eta Parasitoak (Bizidun batez elikatzen direnak).

Parasito hauen artean ardagaia dugu. Hasiera batean zuhaitz batean bizitzen da eta zuhaitzaren bidez elikatzen da. Pixkanaka, zuhaitza gaixotu eta hil egingo da. Ardagai hau batik bat hosto erorkorretako zuhaitzetan bizitzen da, gehienetan pagadietan.

Ardagai hau gorputz gogorra duen onddoa da. Bere gorputza azal gris gogor eta mehe batez estalia dago. Azal hau ardagai gazteetatik zaharrenetara aldatzen joango da. Barrutik mami haritsu gogor bat du. 2 – 5 zentimetrotako mamia da eta egur sendoa du. Mami honen babesean zuntz emankorrak aurkitzen dira.

Aintzinatik erabili da ardagaia sua pizteko. Honetarako ardagaia lehortu eta txikitu egiten zen. Ateratako hautsarekin kotoi antzeko zerbait lortzen da. Honek su hartzeko eta denbora luzez mantentzeko gaitasuna du.

 
   
   
 
©2007 Zur museoa